Euskal adizki

Perpaus bakunean, adizkia beharrezko elementua da. 'Adizkia' diogu eta ez 'aditza', izan ere, 'adizkia' 'aditz' bakoitzak perpausean hartzen duen 'forma' bereziari dei dakioke. Horrela, aditz bakar batek, perpausaren barnean gauzatzen denean, adizki desberdin askoren gisaz ager daieke. Adibidez, etorri aditza modu askotara gauzatua egon daiteke: nator, etorri da, etortzeko, baletor, etor zitekeen

Aditz batek hartzen duen forma jakina ezartzen zaion 'inflexioari' dagokio. Horrenbestez, aditza eta inflexioa bereiziko ditugu, eta aditz bati perpausean dagokion inflexioa itsasten zaionean, adizki jakin bat sortuko dugu

Aditza

Sakontzeko, irakurri: «Aditz»

Bi eratako banakoak erabiltzen ditugu perpausak osatzerakoan. Badira banako lexiko batzuk munduko nahiz asmatutako izakiei erreferentzia egiteko baliatzen ditugunak (etxe, neska, herri, gizon, euskara, zaldi, gramatika, gorroto, itxaropen, mesfidantza, herensuge…), eta badira, halaber, beste banako lexiko batzuk aipatu ditugun izaki horien propietateak (handi, garesti, itsusi, atsegin, beldurgarri, sakon…) adierazten dituztenak, edo izaki horiek parte hartzen duten ekintzak (erosi, edan, eskatu, joan, ibili, bota, ekarri…) edo egoerak (bizi izan, egon, jakin…) deskribatzeko erabiltzen ditugunak. Izaki horiek parte hartzen duten egoerez edo ekintzez hitz egitean darabiltzagun hitzak aditzak izan ohi dira gehienetan. Aditz jakin batek adierazten duen ekintza edo egoeran parte hartzaile batzuk daude, batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago. Aditzak esango digu, nolanahi ere, zenbat parte-hartzaile “behar” dituen ‘asetzeko’ eta, horrenbestez, perpausa osatzeko. Parte-hartzaile horiek munduko izaki edo entitateak dira eta haien oinarrian, izenak daude (txakur, esne, etxe, gizon, ur…). Adibidez, edan aditzak gutxienez bi entitate eskatzen ditu: edalea eta edaria. Horiek edan predikatuaren argumentuak dira.

Aditza predikatu bat dela, entitateen egoerak edo ekintzak predikatzeko erabiltzen baitugu. Izenak, berriz, argumentuak dira. Aditz deitzen diogu, hortaz, predikazioaren euskarri den hitz klase bati. Eta argumentuak, berriz, predikatu horren inguruan dabiltzan beste sintagmei deitzen diegu. Adibidez, honako perpaus honetan bi aditz ditugu:

« Aitak amari gona gorria EKARRI DIO. »

Ekarri aditza da eta predikazioaren gunean dago.

Hala ere, aditz guztiak ez dira predikatiboak, edo bestela esanda, predikatu guztiak ez dira aditz. Esaterako, handi, gorri eta horrelakoak predikatuak dira, baina perpauseko predikatu-atala osatuko badute, aditz bat behar dute, lotura aditz bat, izan, adibidez:

« Amaren gona gorria da. »

Kasu horretan, predikazioaren gunea ez da aditza (da), gorria osagaia baizik. Subjektuaren eta predikatuaren arteko erlazio semantikoa predikatuaren guneak erabakitzen duenez, erraz ulertzen da, adibidez, kasu horretan, erlazio hori ez dela gonaren eta izan aditzaren artean baizik. Zeren, bestela, nola azaldu honako perpaus honen okerra?:

« ??Amaren gona garratza da. »

Nolanahi ere, esan daiteke, kontrako arrazoirik izan ezean, aditza beti izango dela perpaus bakunean, dela aditz predikatiboa (ekarri, erosi, josi, eraman …) dela lotura-aditza (izan, egon eta beste bakarren batzuk).

Adjektiboak predikatuak dira, aditzak bezalaxe, baina aditza eta adjektiboa erraz bereiz daitezke. Adibidez, morfologiari begiratuz gero, aditz klaseko hitzak jokatu egiten dira: josi, jostea, josiko / ekarri, ekartze, ekarriko… baina baita josi diot, ekar genezake, ekarriko bagenizkio eta abar ere. Bestalde, aditz klasekoei eransten zaizkie menderagailuak ere: bait-, -(e)la, -(e)n, adibidez. Horrenbestez, aditzari 'igartzea' ez da zaila.

Adjektiboek, berriz, bestela jokatzen dute: gorria, gorriena, gorriegia, hain gorria, gorriago, eta abar. Gorritu aditzak, berriz, aditza delako hain zuzen, bestelako morfologia erakusten du: gorrituko zaigulako, gorritzen ari zinen, gorritutakoan...

Nolanahi ere, aditza beharrezko osagaia dugu perpaus bakunean. Alde horretatik, perpausaren gunean beti izango dugu aditza, baina aditzak inguruan beste zenbait osagai eraman ditzake.

Inflexioa

Euskal aditz laguntzailearen taula osoa.

Baina perpausaren osagai nagusien artean bada beste bat, askoz abstraktuagoa: inflexioa. Berez, aditzarekin loturiko zerbait da, aditz laguntzaile deitu izan dena. Horrek biltzen du denboraren, aspektuaren, moduaren eta komunztaduraren informazioa.

« Ijitoak astoa eraman »

Hitz segida hori ez da perpaus osoa, zerbait falta du. Funtsezko eduki predikatiboa agerian du, badakigu eramateko ekintza batez ari garela, baita ekintza horretako parte-hartzaileak zeintzuk diren ere. Hala ere, hori noiz gertatu den, adibidez, ez dakigu, ezta gertaera horren aurrean hiztunak zer jarrera duen ere, ahal den edo gerta daitekeen zerbait den, edo baldintza baten mende dagoen, nahia edo desioa den…

« (a) Ijitoak astoa eraman du.

(b) Ijitoak astoa eramango du.
(c) Ijitoak astoa eraman dezake.
(d) Ijitoak astoa eramango luke.
(e) Ijitoak eraman dezala astoa.
eta abar

»

Hain zuzen, perpaus barnean, gizon, etxe bezalako osagai 'biluziak', besterik gabe, txertatu ezin ditugun bezala:

« *Gizon etxe berri erosi du. »

behar ditugun determinatzaileak eta kasu markak gehituz gero, gauzak asko hobetzen dira. Hainbeste, ezen lehen ez-gramatikala zena orain erabat zuzena gertatzen baita:

« Gizon horrek etxe berria erosi du. »

Perpausarekin ere beste horrenbeste gertatzen da: adizkia ezin dugu biluzik utzi, Izen Sintagmak determinatzaile beharra duen bezala, aditzak ere behar du berari dagokion determinazioa. Hori da inflexio deitzen duguna. Nolabait esateko, aditzak 'forma hartu' behar du, perpausa osatu ahal izateko. Alegia, aditza adizki modura eman behar da. Eraman aditz jakin bat da, hiztegian jasoa ikusiko duguna; baina aditz bakar horrek forma asko ditu, adizki asko izan ditzake: eraman dut, eramango dizkiot, daramatzat, banerama, leramake, eramango nizuke

Baina informazio hori ez dagokio adizkiari berari bakarrik, perpaus osoari baizik. Esaterako, denborari buruzko informazioa adizkian biltzen bada ere, ez dagokio aditzari bakarrik, perpausak adierazten duen gertaera osoari baizik. Gertaera bat denboran kokatzen da. Horregatik, perpausaren ardatza bera dela onartzen da, eta, horrenbestez, perpausa inflexioaren isla dela esango dugu.

Gauzak horrela, honako perpaus honen egitura:

« Ijitoak astoa saldu du »

honako hau izango litzateke, funtsean:

                    InflS (=Perpausa)
                        /    \
                       DS    INFL’
                      Δ       /   \
                    ijitoak  AS      INFL
                            / \       / \                           
                           DS  A     /   \
                           Δ   |    -du du
                         astoa sal-     	                 	  

Horra perpaus bakunaren funtsezko egitura. Egitura horren barnean erraz 'sartzen' dira atal honetan aipatu ditugun osagai guztiak: aditza, laguntzailea eta gainerako osagaiak. Osagai horien artean bada bat besteen gainetik nabarmentzen dena: subjektua. Gure kasuan, [ijitoak] sintagma subjektua da eta gainerako guztia, berriz, predikatua. Gogoan izan perpausak predikazio egiturak direla, non subjektu bat predikatu batekin harremanetan jartzen den. Gure kasuan:

                        Perpausa
                          /    \
                   subjektua Predikatua
                      Δ        /    \
                    ijitoak  AS     Lag
                            /   \    |                           
                         astoa saldu du  

Bietan, funtsean, informazio bera biltzen da. Alde bakarra da bigarrenean osagaien funtzioa hartzen dela kontuan. Lehenbizikoan, berriz, osagaien kategoriaren gaineko informazioa nagusitzen da. Dena dela, perpausak beste osagai guztiek bezala, ardatz bat badu eta ardatz hori inflexio deitzen duguna dela onar badaiteke, lehenbiziko arbola egokiago gertatzen da. Nolanahi ere, inflexioa atal bakun gisa aurkeztu badugu ere, baliteke egitura konplexuagoa izatea, denborak, aspektuak, subjektuak eta abarrek bakoitzak bere burua islatzen duelarik[1]. Inflexio horrek nolako egitura duen teoriza daiteke eta, egiatan, badira teoriak. Hemen ohiko bidea segitu dugu: inflexioan sartu dugu adizkian aditz erroaz gainera biltzen den informazio hori: pertsona komunztadura, aspektua, denbora, modua… Horiek guztiak nola egituratzen diren ez da hemen eztabaidatzen.

Erreferentziak

  • Edukiaren zati bat «Adizkia» artikulutik atera da. Artikulu hark Pello Salaburu du egile, eta Creative Commons Domeinu Publikoa lizentziarekin argitaratutako Sareko Euskal Gramatikatik (ISBN: 978-84-693-9891-3) hartu dugu.
  1. Laka Guenaga, Iker Joseba. (2001). «El Origen pasivo de la conjugación euskérica» Fontes Linguae Vasconum (Iruñea: Vianako Printze Erakundea) (86): 49-66..

Kanpo estekak

  • «Adizkia», Sareko Euskal Gramatika
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q12252797
  • Wd Datuak: Q12252797